Santanok irabazi ditu hauteskundeak baina Iridoy aldaketa lidertzeko prest

Antxeta Irratia 2019ko mai. 27a, 00:00

Jose Antonio Santanok irabazi ditu hauteskundeak, baina Xabier Iirdoy jeltzalea gobernatzeko aukera baitu. Izan ere, alderdi sozialistak bere historian Irunen lortutako bigarren emaitzarik onenak dira atzokoak, bozken %35arekin, 10.172 bozka jaso dituzte sozialistek, 2015ean baino 700 bozka gehiago, %7 bat emendatuz. Baina 10 zinegotzirekin ez du aski izango gobernatzeko. Eta gainerako taldeen indarrak aglutinatzeko gai dirudien alderdi bakarra, EAJ da. Jeltzaleek, historian lortutako bigarren emaitzarik onenak jaso ditu Irunen ere. 7 zinegotzi eskuratu dituzte, lau irundarretik baten babesa jaso dute eta 7.070 bozka, duela lau urte baino 2.000 gehiago. Zehazki aurreko emaitzak %37 batean hobetuz.  Xabier Iridoy hautagai jeltzaleak argi utzi zuen atzo Antxeta Irratiko hauteskunde gaueko irratsaio berezian, Irunen aldaketa emateko baldintzak ematen direla, eta ez duela aukera galduko. Anartean, Jose Antonio Santanok, giharrea erakutsi nahi izan du 10 zinegotzien marka errepikatu eta gero, eta bozken %35a eskuratu ondotik. Gobernua osatzeko negoziazio posibleei buruz galdetuta, Santano ez da emaitzetatik haratago joan, dena utzi du gerorako. Gainerakoan, bi galtzaile nagusi daude Irunen. Alderdi Popularra, zinegotzi bakar bati eutsi ahal izan dio, bozken %5,45arekin, eta 1552 bozkarekin, %29 egin du okerrera eta ez da deusetarako giltzarri izango. Eta bestea, gobernantzaren giltza izango duen Elkarrekin Podemos. Ezker Anitzarekin batera koalizioan aurkeztu da oraingo honetan, eta PODEMOSek duela lau urte bildutako bozkak ere kontuan hartuko bagenitu, kasik 1.600 bozka galdu dituzte lau urtetan. Halere, bildutako 4.391 bozkak, ororen %15a suposatzen dute, eta aski izango dute horrekin, gobernu berriaren kolorea erabakitzeko. David Sotok goiz hontan esplikatu digunez, aldaketaren aldekoak dira, baina denekin hitzegin nahi dute.  EH Bildu bere paretik, giltzarri izango da ere negoziazioetan. 450 bozka gehiago eskuratu ditu duela lau urterekin alderatuta, baina laugarren zinegotzia lortzeko atarian geratu da koalizio abertzalea. Dena dela, hiru horiek ezinbestekoak izango dira Gobernu berria erabakitzeko. Testimoniala baino ez da izan, aldiz, Ciudadanos eta VOX alderdien parte-hartzea. PP alderdiaren gainbehera azkartzeko balio izan dute. Ciudadanosek 2015ean lortutako bozken %36 gutxiago eskuratu du, 655 bozka guztira. Eta VOX ultra-eskuindarraren kasuan, 448 bozka lortu dituzte euren aurreneko partehartzean Irunen.