Stop Kaleratzeak-en arabera, “Udalak ez du tramitea egin ere”

Antxeta Irratia 2019ko api. 16a, 00:00

Stop Kaleratzeak plataformak atzo San Juan plazan egindako akanpadaren ondotik, Mari Jose Porriño irundarraren muturreko egoera bere horretan mantentzen da. Pairatzen duen minbiziari aurre egiteko kimioterapia tratamenduan segitzen du, eta 12 urteko alaba bere kargu duelarik, alokatutako 5 metro karratuko logela batean bizi da. Diru sarrera apalak ditu, eta gaixotasunaren ondorioz bajan dagoenez, are murriztuagoak ikusi ditu orain. Hortaz, ezinezkoa du alokairuzko etxebizitza pribatu bat eskuratzea, eta Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetan ez diotela lagundu nahi izan salatu du Stop Kaleratzeak plataformak.  

Irungo Udalak, aldiz, ohar baten bidez jakinarazi du etxebizitza publiko baten esleipen zuzena Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela, eta Udalak egindako kontsultaren ondorioz, euskal gobernuak jakinarazi duela, Mari Josek ez dituela behar baldintzak betetzen. Stop Kaleratzeak-en arabera, aldiz, konfirmatu ahal izan dutenez, “Udalak ez du tramitea egin ere”. Gobernu sozialistak larrialdizko egoeran diren pertsonen espedienteen berri ez emateko politika mantentzen duela diote, “ofizialki ematen ez den kasua, esistitzen ez delakoan, beharrik  ez dagoela adierazteko”. Zentzu honetan, gizarte zerbitzuetako teknikariek Mari Jose Porriñoren espedientea ez tramitatzeko agindu politikoa jaso dutela salatu du plataformak. Sergio Corchon, Gizarte Ongizate arloko zinegotzi sozialistak bere partetik, hau gezurtatu egin du Antxeta Irratiko mikrofonoetan. Joan den ostiralean Mari Joserekin zuzenean mintzatu zela dio, eta egoeraren berri ematearekin batera, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan segitzen duen bitartean, paraleloki emakume honi eta bere alabari larrialdizko alojamendu alternatibo bat eskaini diola. “Eusko Jaurlaritzaren ezezkoa jaso dugun arren, Udalak ez du emakumle hau kalean utziko, eta Lanbide bitartez, zein Udalaren dirulaguntza sozialak aktibatzeaz gain, etxebizitza bat lortzeko aholkulari sozial baten laguntza eskaini zaio”, esplikatu du Corchonek, “bere tratamendua kontuan hartuta, Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua ere bere esku jarri duelarik ere”.