Irunen, bien bitartean, Gurutze Gorriak plazaratu berri dituen Espainiar Estatura heltzen diren migranteen kopuruekin kezkaturik agertu da Irungo Harrera Sarea. Urtarrilaren lehenaz geroztik, 938 trantsitzoko migrante lagundu ditu Harrera Sareak Irunen. Baina azken asteetan tantaka baino ez dira ailegatzen Bidasoa eskualdera. Diotenez, Maroko eta Espainiako erregeek martxoaren 10an izandako bilkuraren ondotik, eta Europako Batasunak Marokori eskainitako 140 milioi euroko laguntza ekonomikoaren ondorioz, Marokok mugak itxi egin dituelako. Horren irudiko dugu, Gurutze Gorriak plazaratutako informazioa. Urtarrilean 4.109 migrante iritsi ziren Espainiako kostaldeetara. Otsailan 936, eta martxoaren lehen bi asteetan 451, orotara 5.491. Baina aipatutako bilkuraren ondotik, bapatean gelditu egin da. Eta aldez aurretik, Espainiako Estatuko mugak gainditu zituztenak baino ez dira Irun eta Hendaia-Pausu arteko mugara heltzen direnak.
Bien bitartean, heltzen diren horiek Irungo Martindozenea aterpetxea topa dezaten, Harrera Sareak joan den ostegun gauez tren geltokian ezarritako mapa bertan segitzen du momentuz. Eta ostiralean, Irungo udal osoko bilkuran hitza hartu zuten Jose Antonio Santano alkateari, otsailan hartutako konpromisoak bete egin behar direla oroitarazteko.
Zentzu honetan, Harrera Sarearekin eta migranteekin Udal Gobernu sozialistak duen jarrera ulertezina dela diote oposiziotik. Eta udalbatzan demokratikoki hartutako erabakiak gobernuak ez betetzeko asmoa agertzea ere, larritzat jo dute EAJko Xabier Iridoy, eta EH Bilduko Jokin Melida bozeramaleek.
Migranteen aferan Irunen, argi dago, ez dagoela itsuagorik, ikusi nahi ez duenak baino.