ENEDIS enpresak kodigo penalak 15.000 euro eta urtebeteko kartzela zigorrarekin zigortzen dituen presio emateko dei telefoniko maltzurrekin  segitzen

Antxeta Irratia 2019ko api. 2a, 00:00

ACE elkarte ekologistak salatu duenez, Linky kontagailuak errefuxatzeko herritarrek igorritako 10 eskaeretatik 9 ez ditu erantzun ere egiten.  Aldiz, atzo Etxenausia karrikako bizitokietan beste 44 Linky kontagailu berri instalatu zituzten bortxaz. Eta ACE elkartearen arabera, dagoeneko, 4.739 kontagailu adimentsu dira, Hendaian instalatu dituztenak. Gehienak etxe berrietan. Baina zaharretan hasi dira, bezeroei gutun bidez pasako direla abisatzen. 

Herriko Etxeak berak, Kotte Ecenarro auzapezaren izenean gutun bat helarazi zion joan den urtean ENEDIS entrepresari, oroitaraziz, bezeroek kontagailu berria errefuxatzeko eskubidea dutela. Baina enpresak ez dio jaramonik egin, eta Hendaiako 14.600 argindar-kontagailuak berritzeko lanetan dihardu. Haien helburua delarik, 2019ko azaroa bitartean. 

ACE elkarteak oroitarazten du, ENEDIS entrepresari linky kontagailu berria errefuxatzen duzula jakinarazteko gutun recommandé edo AR baten bidez egin behar dela, Donibane Lohitzunera igorriaz honako helbidera, AIRRIA 140 rue Belharra JALDAY posta kutxa 64500. Eskutitzaren fotokopia bat egitea ahantzi gabe. Halere, Ramuntxo Labat, Linkyren kontrako plataformako kideak esan digunez, honek ez du bermatzen zure etxea bortxatua izango ez denik. 

Oroitarazi behar da, argindar neurgailu berriak sarera lotuak direla, eta kontsumoaren tele-irakurketa ahalbidetuko duen heinean, frantses estatuan ohiko neurgailuen irakurketarako teknikarien 5.000 enplegu desagertarazteaz gain, Linky sistemak sortzen dituen uhin elektromagnetikoak osasunarendako kaltegarriak direla Munduko Osasunaren Erakundearen arabera. Herritarrei euren etxeko gailuen erabilera, eta ordutegiei buruz kontrola handitzeko tresna ere badela salatzen dute ekologistek.