Pantxika Beraza auzokideari omenaldia

Antxeta Irratia 2019ko api. 1a, 00:00

Hendaiako Bas Quartier edo Harri-Xabaleta Auzo Elkarteak joan den abenduan zendutako Pantxika Beraza omendu zuen larunbatean. Txikitatik auzoan bizitakoa, Harri-Xabaletaz harro zegoen Pantxika, eta Parisen irakasle izan ondotik, erretreta hartu zuenean etxera itzuli zelarik, auzo elkartea sortu zuen. Zendu artean elkarteko lehendakari izan zenak auzoarendako nahi zuenari segida eman nahi diote bizilagunek.  Larunbatean, Beltzenia aldamenean dagoen Pellot biribilgune ondoko Komandanpassiko eta Zubernoa karriken arteko plazatxoa auzotarrendako atondu, eta Pantxikaren omenez berrizenda dezala galdegin diote Herriko Etxeari. Koldo Nausia lankidea izan zen omenaldia segitzen. Bertan, Pantxika Berazaren argazkia ezarri zuten plazatxoaren pareta batean, baita proposatzen duten proiektu teknikoaren planoak ere. 50 auzokide inguru bildu ziren omenaldiarekin batera antolatutako pintxo-pote eta kartela ezartzean. Eta HarriXabaleta Auzo Elkarteak iragarri duenez, apirilaren 10ean bilduko dira Kotte Ecenarro auzapezarekin, Herriko Etxeak eginen dien proposamena entzuteko. 

Erlazionatuak