Ur zikinen egoera dela eta, azalpenak eman dizkigu Txingudiko Zerbitzuak

Antxeta Irratia 2019ko mar. 28a, 00:00

Joan den astean Txiplao Errekaren Arroako Sanemendurako Auzotarren Kolektiboko kideak izan genituen Antxeta Irratian. Txingudiko Zerbitzuak eta Hondarribiko Udalak berak, 20 urtez entzungor egin diela salatu zuten. Arazo partikularra dena, ingurumen eta kutsadura arazo orokor bat eskuartean baitute, ezin kudeatu darabiltzatena. Guadalupe azpiko Postigu nekazal-etxetik hasi eta Txiplao gaineko muinora bitartean bizi diren 125 etxebizitzetatik, Jaizkibel akanpalekua, Endanea hazitegia, eta inguruan diren nekazal-etxeetako ur-zikinak Txiplaoko errekara zuzenean isuritzen baitute, zenbait abere etxaldeetakoak barne. Ur fekal edo zikin hauek, Santan Engrazitik eta Zumardia edo Alamedaren atzealdetik aurrera, Molla Ibilbidean, Arraun Elkarte parean bukatzen dute. Eta beraz, Bidasoa ibaian.  2017ko azaroan, Txomin Sagarzazu alkatea eta Txingudiko Zerbitzuak-eko gerentearekin, Leire Zubiturrekin bildu ziren aterabide bat bilatzeko. Baina ez dute konponbiderik lortu, eta ur zikinek bere horretan segitzen dute. Urte luzeetan Eusko Jaurlaritzak Bidasoa ibaian itsaskiak harrapatzeko debekua ezarri izan du, ecoli bakteriaren presentziagatik. Bakteria honen presentziak, uretan kakaren presentzia dagoela agerian uzten du. AZTI erakundeak azterketak egin izan ditu kaka honen iturria zein den jakiteko. Baina bistan da, jakina zela. Ez dakigu, landa eremuko ur zikinen isuri bakarra ote den Txiplaoko arroakoa gure eskualdean.  Baina Txiplaokoak, momentuz, horrela segituko duela dirudi, egoeraz kezkaturik, Txingudiko Zerbitzuak-eko arduradunengana jo dugularik azalpenak eske. Leire Zubitur kudeatzailearekin mintzatu gara, eta emandako azalpenak aurretik eskertuaz, aurreratzen dizuet nahiko argi utzi dituela gauzak.