Hondarribiko 'Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzu'-ko 21 langileak prekarizaziora bultzatu izana leporatzen dio ELAk Udalari

Antxeta Irratia 2019ko mar. 28a, 00:00

Hondarribiko Udalak herrian adineko pertsonei zerbitzu ematen dien Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko 21 langileak prekarizaziora bultzatzen ari dituela salatu du ELA sindikatuak. Martxoaren 30ean, larunbata hontan, elgarretaratzea deitu dute San Pedro kalean 13:30ean.

Denak emakumeak dira, eta sektore feminizatua izanik, hitzarmen kolektibo propiorik ez dute, Gipuzkoako Bulego Garbitzaileena aplikatzen ari zaie. Kontua da, CLECE enpresako langileak direla, eta Udalak enpresa honi esleitua dion zerbitzu publikoa izanik, duela bi urte iraungi zela kontratua.

Udalak ez du orain artean kontratu berri bat esleitzeko baldintza pliegua zehaztu ere egin, eta ELA sindikatuak langileen baldintzak hobetu ditzan galdegin dio. Duela bost hilabete udal agintariekin izandako bilkuraren ondotik, oraindik ere esperoan dira jakiteko, Udala noraino dagoen prest langileen baldintzak duinduko dituen eskaintza hobetzeko.

ELA sindikatuko Osalaneko ordezkaria, Xabier Etxanizek esplikatu digunez, zerbitzuaren esleipen kontratua iraungita dutenez, bi urteotan era irregularrean ari zaio Hondarribiko Udala CLECE enpresari zerbitzu prestazio hau ordaintzen, bi urteotan, orotara, enpresak Udalari 842.000 euro fakturatu dizkiolarik, langileei aurretik ezarritako lan baldintzak izoztuta mantentzen zaizkie.

Abotsanitz udal taldeak, azpikontratazioa baztertu, eta langile hauek Udalak bere gain hartu eta langile publiko gisa kontratatu ditzan galdegin badu ere, ELA sindikatuak argi du Udal Gobernu jeltzaleak ez duela zerbitzu publiko honetan sinisten. Gizarte Ongizate Zerbitzuko bulegoetan bertan, "herritarrei Udalak berak zerbitzu horri konpetentzia egiten dion enpresa pribatu merkeagoak" eskaintzen dizkiela salatzen baitu. Honek, kalitatezko zerbitzu publikoa hustutzea ekartzen ari delarik.