Atzo bertan zabaldu zuten Uda Jolas udaleku irekietan izena-emateko epea, eta Pazko Asteko apirilaren 23tik 26ra 8 eta 11 urte bitartekoei zuzendutako GAZTE TEK ekintzan ere izena eman daiteke dagoeneko. Udako eskaintzari dagokionez, urtero plaza guztiak agortzen dituzten bi programa nagusiak aurkeztu ditu Gazteria arloko ordezkariak, Maria Serranok. Izena emateko www.hondarribia.eus edo Gazte Zerbitzuan egin daiteke.
Bestalde, Uda Abenturaren kasuan, Biteri izango da haurrak eraman eta jasotzeko gunea Saindua itxita dagoelako segurtasun neurri gisa. Joan den urrian eraikinaren habe edo zutabe batean pitzadurak topatu zituztelako. Orduz geroztik, gaztelekua Puntaleko instalazioetan ari dira eskaintzen. Eta luzerako joko duela iragarri digu Maria Serranok. Izan ere, pitzadurak konpontzeaz gain, Sainduako instalazioak hobetu eta handitzeko erabakia hartu du Udalak.
Horrez gain, Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuek hainbat jarduera gehiago antolatu dituzte Gazteria arloarekin lankidetzan, udaberri eta udako sasoiari begira. Batetik, gaur bertan (martxoak 26) zabaldu dute Konkis izeneko gazteentzako abentura ateraldi arrakastatsuan izena emateko epea. Eta betstetik, gazteekin hainbat balore lantzeko ekintzak proposatuko dituzte udaberrian zehar. Maiatzan, esate baterako, hondartza garbiketa deialdia luzatuko diete, ingurumenaren zaintzaz sentsibilizatzeko helburuarekin.