SPI udal taldeak, merkataritza politika kritikatu eta proposamenak luzatu ditu

Antxeta Irratia 2019ko mar. 21a, 00:00

Irunen, Joan den astean Komertzio Txikia Biziberritzeko Plana iragarri zuen Udal Gobernuak, Gipuzkoako Komertzio Ganbara eta 225 merkatari biltzen dituen mahai sektorialarekin batera.  SPI udal taldeak, gaur komertzioa kinka larrian dagoen sektorea dela nabarmendu du, Udal Gobernuaren politika komertzialak kritikatu, eta aterabideak proposatu ditu. Irungo Gizarte Segurantzan altan emanak dauden langileen %23a, gaur egun, komertzioaren sektorearkein lotura dute. Baina garai bateko komertzio irundarraren loraldia iragan da. Horren irudiko, hiriko komertzioaren herena desagertu egin dela azken hamarkadan. Miren Etxebeste, SPIko idazkari nagusiak argi du, Udal Gobernu sozialistak azken urteetan ez duela jakin izan gaur egungo egoerari aurregiten. Gauzak honela, 11 proposamen biltzen dituen zerrenda bat aurkeztu du gaur SPIk. Komertzioari bultzada emateko. Haien artean, gune komertzialetako TAO eremu urdinetan aparkatzea lehen bi orduetan dohainik izatea, komertzio berriak sortzeko ohiko laguntza txikietatik haratago ekintzaileei mikrokredituak eskaintzea, egoera kaxkarrean aurkitzen diten Mendibil eta Urantzuko merkatuak zahar-berritu eta kudeaketa formula berraztertzea, Behobiako gune komertzial berria jasoko duen proiektuari behingoz behar duen bultzada ematea edota komertzio txikiari inpostuen apaltzea dira besteak beste, proposatzen dituztenetako batzuk. Nolanahi ere, Gipuzkoako Komertzio Ganbarak ohartarazi du, internet bidezko salmentak %25 emendatu direla azken bi urteetan Euskadin. Eta horrek eragin zuzena eta orokorra duela. SPIko ordezkarien arabera, aldiz, interneteko merkataritzak kontsumo ohituretan aldaketak ekarri dituen arren, badira ohiturak bideratzen dituzten erabaki politikoak ere. Esate baterako, Araso industrigunean, industriara zuzendutako eremu publiko batean, Mercadona bezalako saltegi komertzial handi bati baimena ematerakoan sortzen diren dinamikak.  Momentuz, 2013ko Komertzio Txikiaren Plana da indarrean dagoena Irunen. Baina esan bezala, egungo egoerari erantzun nahian, biziberritze plan berria osatzeko lanak esleitu berri ditu Udalak. Ez dute zehaztu noizko egongo den plan berria martxan jartzeko prest. Baina  Gipuzkoako Komertzio Ganbarak lan ildo edo ardatz nagusiak nabarmendu ditu.  

Amaiur Angiozar teknikariak azalpenak eman dizkigu