Irungo Nicolas Gerendiain Errepublikar Elkarteak frankismoaren biktima errepresaliatuak eta Irungo Dunboa kanala edo ubidea eraiki zuten 1942-1944 Lan Destakamentuko presoak omenduko ditu larunbata honetan. Ama Xantalen kaleko zubian, Dunboako kanalaren gainean bertan izango da 12:30ean. “Irungo Errepresioaren Mapa” proiektuan lanean ari zela, Aiala Oronoz, Oñatiko Artxiboan espediente ezberdinak aztertzen ari zela, 1942tik 1944ra, erregimen frankistaren baitan, Irunen Dunboako kanala edo ubidea lan destakamentuko presoek lan bortxatuetan eraiki zutela frogatu zuen. Hari hortatik tiraka, Espainiako Estatuko 34 probintzietako preso ezberdinen kasuak aztertu ahal izan ditu, eta hauek egindako lanen artean, gure eskualdean, Dunboako kanala ez da obra zibil edo publiko bakarra izan. Hor da Jaizkibelgo errepidea ere esate baterako. Dunboa auzoko testigantza ezberdinak ere biltzen dituen “A Pico y Pala” liburua plazaratu du Aiala Oronozek egindako azterketa historiko honetan. Preso horietariko bi Irunen geratu ziren, eta haien senideekin mintzatzeko aukera izan du Aiala Oronozek. Erakusketa martxoaren 19tik 31ra bitartean ikusgai izango da, Euskadiko Kutxak Colon ibilbidean duen erakusketa aretoan. Bestalde, “A Pico y Pala” liburua Elkar liburu-denda sarean, Irungo Kale Nagusiko Bronte liburudendan, Kiosko 33 eta beste zenbait lekuetan ere salgai dago.