Irunabar bertsoaren bilguneak eta Txingudiko bertso eskolako tailerreko kideek, Xanti Zabala “Lexo” bertsolaria zena omenduko dute larunbatean ere. Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan, eta sarrera dohainik, kantaldi formatoan egingo diote omenaldia. Bidasoa-Txingudi partzuergoaren laguntzarekin antolatuta, gaur egingo du erakunde honek ekitaldiaren aurkezpen ofiziala. Baina Antxeta Irratian, Adrian Arruti, Irunabarreko kidearekin mintzatu ginen joan den astean, eta esplikatu digu Xanti Zabala “Lexo” zein zen, eta zertan den omenaldia. Martxoaren 16ko omenaldia kolektiboa izango da. 40 lagun inguruk parte hartuko baitute oholtzagainean. Auntxa Trikitixa Eskolako irakasle eta ikasleak, Irungo eta Hondarribiko Musika Eskoletako hainbat irakasle eta ikasle, eta beste hainbat musikari, kantari, bertsolari eta lagun bilduko dira. Eta Adrian Arrutik esplikatu digunez, Lexok idatzirik utzitakoak izango dituzte oinarri.