Kantaldi formatuan egingo dio omenaldia Txingudiko bertso eskolak Xanti Zabala “Lexo” bertsolari handia zenari

Antxeta Irratia 2019ko mar. 6a, 00:00

Martxoaren 16an izango da emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta dohainik izango da sarrera. 18:30ean zabalduko dira ateak, eta 19:00etan hasiko da ekitaldia. Gaztetan ekin zion Lexok bertso lanari, eta hainbat sariketa eta txapelketatan hartu zuen parte. Zepai Saria irabazitakoa, 1967ko Gipuzkoako finalean ere kantatu zuen, besteak beste. Eta bertso jarritan ere sekulako altxorra, animaleko ondarea utzita zendu zen Xanti, 2012ko martxoan. Bere obra idatziaren zati handi bat txukun asko jasota dago Udaberriz izeneko Auspoa bildumako 325. liburukian, eta baita bat-batean kantatutako hainbat bertso ere, liburuak KDa baitakar barruan. Liburuaren koordinazio lanak eta iruzkinak Nikolas Aldaik eginak dira, eta Pello Esnalen hitzaurrea darama. Liburu horretatik beretik hautatu dituzte bertso tailerreko kideek kantaldian kantatuko dituzten bertso-sorta guztiak, hautaketa egitea galanki kosta bazaie ere.

Adrian Arruti, Irunabarreko kidearekin hitz egin dugu