Hondarribiko Amute eta Jaitzubia lotzen dituen bidegorri berria ofizialki estreinatu dute eta,Gipuzkoako Foru Aldundiak. Nafarroako Gobernuak, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak eta Irun zein Hondarribiko Udalek presentzia ere izan dute irekiera ofizialean. Izan ere, bidegorri hau, Donostia-Baiona-Iruñea bizikletaz lotzeko aurreikusi duten 240 kilometroko Ederbidea bidegorri-sarearen zati bat baino ez da. Berez 2016-2019 urtealdian osatzeko proiektua zen, 9,4 milioi euroko aurrekontuarekin, horietatik 6,1 milioi euro Europaren gain POCTEFA dirulaguntzen baitan proiektuaren %65a diruzlagundua baita. Sarea osatua izatetik urrun dago oraindik. Nafarroako lanak oraindik esleitu baino ez dituzte egin, eta gure eskualdean esaterako Amute-Jaitzubiako zatia, hori baino ez da. Halere, Ederbidea osatzeko lanetan, 1,2 milioi euroko inbertsioa egin dute Amute-Jaitzubia zatian, eta mugikortasun iraunkorraren aldeko apostu garbiaren irudiko dela nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasunerako diputatuak. Amute-Jaitzubia bidegorri zatiak 1,4 kilometro luze eta 4 metro zabalera duelarik, oinezko eta bizikletentzako bideak banatzea ahalbidetu du. Eta gainera punta-puntako bidegorria dela esan daiteke. Izan ere, zenbat oinezko eta bizikleta iragaiten diren zenbatzen duen pantaila bat ezarri dute, ingurumenean duen eragina kontuan hartzeko, eta bizikletak konpontzeko kit tótem bat ere badu, matxurak konpontzeko tresneria guztia erabiltzailearen esku jarriaz. Hondarribiko alkatearen arabera, herri mailan ere, aurrerapauso garrantzitsua ematen da Jaitzubia auzoa hurbiltzeko.