Bidasoaldeko Mugimendu Feministak, ostiral honetan mobilizatzera deitu ditu eskualdeko emakumeak. Pentsiodunak, zaintza lanetan dabiltzan emakumeak eta emakume langileak besteak beste.“Nazkatuta gaude lan feminizatuek eskubide, soldata eta errekonozimendu baxuagoak izatearekin eta baita behin lanetik erretiratzean emakumeon pentsioak prekarioak izatearekin”, salatu dute. Zaintzaren berrantolaketa eta bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa izatea aldarrikatu dute. Aurten ere, modu bat baino gehiago egonen dira grebarekin bat egiteko: mobilizazioetan parte hartuz, zaintza lanak utzi eta hau irudikatzeko amantalak zintzilikatzea balkoietan, greba antolatu eta zabaltzea edota kontsumo greba ere egitea, normaltasunarekin apurtzeko.
Ostiralean, 12:00etan, manifestazioa egingo dute (San Juan plazatik), eta eguerdian bazkari kolektiboa deitu dute, hala kontsumoari planto egiteko. Horretarako, norbere tuperra eramateko deialdia luzatu dute. Arratsaldean, 17:30ean Zabaltza plazan hitzordua izango dute emakumeek, Hondarribia aldera bideratzeko. Han, 19:00etan eskualdeko manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute, Hondarribiko emakumeekin bat egin ostean. San Juan de Diosen elkartuko dira. Era berean, gizonei zaintza lanetan ardura jartzeko eskaera luzatu diete mugimendutik.