Hondarribian gaur bilkura deialdi garrantzitsua egin du Udalak, tailer moduan aurkeztu badu ere. Hondarribia Mugitzen Da lelopean, Mugikortasun Mahaiaren saio berri bat proposatzen dute, udal areto nagusian arratsaldeko 19:00retan.
2018an sei bilera egin eta gero, aurtengo Mugikortasun Mahaiaren bigarren saioa izango da hau, lantalde dinamikan eramango dena. Eta bertan, udaberrian aurkeztuko duten 2030 urtera begirako plangintza osatzeko diagnostikoaren txostenaren aurrerapena ere aurkeztuko dute.
Kalixa Silanes, mugikortasun gaietarako eta Ingurumen eta Agenda 21eko ordezkariak esplikatu digunez, herritarren partehartzea ezinbestekoa da. Horren adierale izan da, 700 lagunek osatutako minibusaren proiektuari buruzko inkesta. Eskaera eta ikusitako beharren arabera, dagoeneko 2019 urte hontan abian jarriko duten zerbitzu berria.
Printzipioz 30 plazako autobus txikia izango da, eta oraindik zehazteke dago elektrikoa izango den ala ez. Baina ziur da, Mugi txartela erabiltzeko sistemari egokituta egongo dela, eta horri esker, transbordo eta hobari beretsuak jasoko dituztela erabiltzaileek.