Aparkalekua jarri du SPIk marra gorritzat, udal aurrekontuak adosteko

Antxeta Irratia 2019ko ots. 4a, 00:00

Irungo bide bazterretan aparkatzea sufrikario bat bilakatu bada askorentzat, gaiak pizten duen interesa dela eta, bazterrak nahasten ari ditu udal politika arloan ere.

Joan den astean Dunboa, Arbes eta Palmera-Montero auzuneko 110 bizilagun bildu zituen Irungo Podemosek aparkalekuari buruz eztabaidatzeko antolatutako bilkura irekian. Eta dagoeneko, San Migel auzoan halako beste deialdi bat proposatuko dutela iragarri dute.

Udal Gobernu sozialistak daraman lurrazpiko aparkalekuen aldeko eta azalekoen ezabatzeko politika salatu du hainbat alditan Si Se Puede Irun Ahal Dugu udal taldeak. Baina oraingo honetan, oraindik ere onartu gabe dauden 2019ko udal aurrekontuak babesteko ezinbesteko baldintza bilakatu dute Podemos-ekoek.

Udal Gobernuarekin aurrekontuari 25 emendakin aurkeztu ondotik, eta negoziazioetan sozialistek 20 bat onartzeko prest egonik ere, Miren Etxebeste, SPIko idazkari nagusiak arrapostua egin du, linea gorria aparkaleku arazoan markatuz.

Koherentzia eskatu du Paezek

Asteburuan iritsi da Udal Gobernu sozialistaren erantzuna. Udal aurrekontuen negoziaketetan koherentzia eskatu dio Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariak, David Soto, SPIko bozeramaleari. Aparkalekuen gaia, eta linea gorria, ez dutelako orain arteko negoziazioetan aipatu. Dena dela, negoziatzen segitzeko prest agertu da ordezkari sozialista.

Hala edo horrela, egia bakarra da, otsailak 4 dituela gaur, eta Irungo Udalak ez dituela 2019ko udal aurrekontuak oraindik onartu. Eta Udal Gobernua urtarrilaren erdirako deitzeko asmoa zuen aurrekontuen plenoak, ez duela oraindik data finkaturik.

Aurrekontuak luzatzeko aukera

Antxeta Irratiak iragarri dezake, negoziazioen ibilmoldea zein den ikusita, litekeena dela, adostasunik lortu ezean, Udal Gobernuak 2018ko aurrekontuak prorrogatuz edo luzatuz gobernatzeko aukera aztertzen dabilela. Zentzu honetan, EH Bilduk argi du, sozialisten ahuldadearen irudiko dela aurrekontuen egoera.

Erlazionatuak