Unai eta Maialen Oiartzun Irastortza anai-arrebek irabazi dute Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka

Antxeta Irratia 2019ko urt. 23a, 00:00

Kultur arloan, Irungo Udaleko Euskara arloak bi urtean behin deitzen duen Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka, Unai eta Maialen Oiartzun Irastortza anai-arrebek irabazi dute.

Bost proiektu aurkeztu dira, euskal idazle, zientzialari eta ikerlari zenaren izenean Udalak eskaintzen duen beka honen 14. edizio honetara. Baziren ergatiboaren jabekuntzari buruzko linguistika arlokoak, historikoak, Wolframioaren kontrabandoari buruzkoa esaterako, edota eskualdeko lehen ikastoletako andereñoen aztarnak aztertzeko prest zirenak. Baina bi irundar gazte hauek aurkeztutako lanaren emaitzak izango duen praktikotasuna aintzat hartu du epaimahaiak bere erabaki hartzeko. Izan ere, ‘Euskal Irakurzaaletasuna Irungo Udal Liburutegian’ izeneko ikerketa proiektuaren emaitza, teorikoa baino, gerora aplikagarria izango delakoan dira.

Maialen Oiartzune Lehen Hezkuntzako gradua ikasi zuen, eta Unai Oiartzun kazetaria da. Baina biak berbideratu dute euren lana ikerketa arlora. Eta hortik, eta amakomunean duten irakurzaletasunak elkartu ditu anai-arrebak proiektu hau garatzera.

Beka 9.000 eurokoa da, eta 2019 hontan garatu beharko dute euren ikerketa. Baina zertan datza egingo dutena? Unai Oiartzunek esplikatu dizkigu emango dituzten urratsak.