Jon Iñarritu EH Bilduren senatariak idatzizko galdera egin dio Espainiako gobernuari, Itsas Infanteriako kidearen kontrako neurririk hartu ote den azaldu dezan. Hondarribiko HITZAk baieztatu ahal izan duenez, erasorako erabilitako furgoneta ere, Espainiako armadaren izenean matrikulatuta dago.
Auzotarrek hartu zuten matrikula, eta argazkia egin ere, erasoa abuztuaren 30ean atsaldeko 20:00retan eman baitzen, oraindik argia zegoelarik. Eta irailaren 5ean egin zuten epaiketa azkarra. Erasotzaileak akordio batetara heltzeko proposamena egin zion Muara elkarteari, baina honek errefuxatu egin zuela esplikatu digu Iñaki Arsuaga, Muarako lehendakariak.
Irailaren erditsuan eman zen ezagutzera epai-azkarraren emaitza. Hilabetez 4 euro eguneko, beraz 120 euro orotara, hori da akusatuari ezarri zioten isuna. Horrez gain, 118 euro eman beharko dizkio Muarari, eragindako kalteengatik.
Aldiz, Espainiako Armadako Itsas Infanteriak barne neurririk hartu ote duen, ezin izan da argitu, EH Bilduk Madrilgo Senatuan egindako galderak ez duelako behar erantzunik jaso.