Ostegunean burutuko da BDSkoopen bigarren subirautza jardunaldia

Antxeta Irratia 2019ko urt. 7a, 00:00

Eta urte berria erronkaz beterik abiatzen du BDS Koopek eskualdean. Irungo Erromes plazan joan den urte bukaeran abian jarritako egoitzatik, ekonomia sozial eta eraldatzailearen aldeko sarea hedatzen jarraitzeko, eta herritarrak sentsibilizatu eta informatzeko xedez, Ekonomia Subirautzari buruzko jardunaldi zikloarekin segituko dute datozen asteetan.

Hurrengo hitzordua, urtarrilaren 10ean emana dute. FIARE banka etikoa, KOOP57 kredito kooperatiba, GOIENER Energia berriztagarrien kontsumo kooperatiba, eta BDS Koop egoitzan bertan bere bulego nagusia duen IZARKOM, telekomunikazio zerbitzuen kooperatibako ordezkariak gonbidatu dituzte.

Haien helburua da, urteotan Euskal Herrian garatutako proiektu kooperatiboak ezagutaraziz, kapitalismoaren eredutik aldendu eta gizakia ekonomiaren erdian jartzen duten proiektuak badirela, subirautza ekonomikoa, bakoitzak egiten duen  kontsumo hautuetan ere jokoan delako.

Hitzordua, urtarrilaren 10, ostegun hontan izango da arratsaldeko 18:00retan, BDS Koop-ek Erromes plazan duen egoitzan. Eta jardunaldien hurrengo hitzordua, urtarrilaren 24an izango da, Labore Txingudi kontsumo elkartea, eta Aldatsa baratze kooperatibaren proiektuak aztertuko dituztelarik.

Erlazionatuak