Hotza dela eta, asteburu luzea izan da Irunen, Harrera Sareko gautxori taldeko bolondresentzako, eta bereziki, Martindozenea zein Ospitale Zaharreko aterpetxeetan onartuak izan ez diren trantsitozko migranteentzat. Asteburu osoan zehar errepikatu den egoera dugu, azken hilabeteetakoa. Joan den ostegunean agerian geratu zen bezala, Irungo Udalak eta Gurutze Gorriak, urte berrian ere lehengo lepotik burua segitzen dute, gauez zero azpiko tenperaturak egin arren, migranteak kale gorrian utziaz.
Ostegun gauez hamildu ziren tenperaturak, eta hiru gradu zeropetik egin zituelarik, Irun xuritua esnatu zen. Eta gau hartan, Martindozenea aterpetxean 30 ohe baino gehiago hutsik izan baziren ere, 25 migrante kalean utzi zituen Gurutze Gorriak gaueko ordu txikietan. Horietarik 9 ume eta 3 emakume. Argeliarrak, eritreoak eta Venezuelako familia oso bat ere baziren.
Jendeak jakin beharko luke, erakunde publikoek onartzen ez dituzten migrante hauek guztiak, EH Bildu eta Irungo PODEMOSek eskainitako euren egoitzetan ari direla lo egiten.
Hala eta guztiz ere, asteburu luze honetan zehar, hainbat lagun kalean lo egin dutela jakin izan dute. Izan ere, Irungo Udaltzaingoa kalean zirenei mantak banatzen aritu izan da.
Gaur, oporren ondoko lehen egunean bilduko omen dira Harrera Sareko kideak Irungo Udaleko ordezkariekin, egoera aztertzeko astero egiten duten bilkura informatiboan.