Hondarribiako itsas memoria jaso du “Amakiña bat itsaso kontu” dokumentalak

Antxeta Irratia 2018ko abe. 18a, 00:00

Asteazken honetan, Itsas Etxean, Sustraia taldeko kideek eskainiko diguten “Amakiña bat itsaso kontu” izenburupeko 75 minutuko dokumentala. 2012az geroztik herriko 52 arrantzale zaharrekin bildutako 70 ordu grabazioen bildumatxo eskainiko die hondarribitarrei. Itsas memorian sakontzeko, herriko arrantzaren historia eta garapena, inor baino hobe ezagutzen dutenen eskutik ezagutarazteko proiektuaz mintzatu zaizkigu Sustraia taldeko kideak.

Arma Plaza Fundazioaren babesa jaso dute proiektu honetan. Herriko itsas memoria eta ondarearen bilketa lanetan suposatzen duena kontuan hartuta, eta fundazioak dituen oinarrizko helburuekin bat egiten duelako.

52 arrantzale zaharrekeri egindako elkarrizketek, gehiagorako emango dute ziur. Eta Sustraia taldetik zein Arma Plazatik ere, iragarri dute bildutako 70 ordu grabazioei esker, Terranovari buruz, arrantzaleen aitzinako bizimoduari buruz edota arrantza tekniken inguruan, dokumental gehiago egiteko aukera izango dela aurrerantzean.

Hori ongi daki, elkarrizketatuetako batek. Joxe Beñardo Virto, 1958an hasi zen arrantzan 14 urte zituela, eta esplikatu digunez, proiektu honek, orain artean inonen idatzirik edo gorderik ez ziren bizipenak betirako bilduak uzteko aukera eman dio.

“Amakiña bat itsaso kontu” dokumentala, asteazken honetan arratsaldeko 19:00retan estreinatuko dute Itsas Etxean. Eta Sustraia taldeko kideek iragarri dutenez, osoki arrantzaleen hizkeran grabatua denez, idorrekoentzat, legorrekoentzat, hau da, kaletarrentzat erdaraz azpititulatu dute.