Bestalde, Irunen trantsitozko migranteekin Martindozenea gaztelekuan azken egunetan gertaturikoek giroa nahastuta, emango da gaur Etorkinekin eta Ongi Etorri Errefuxatuak elkarteek Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubian elgarretaratzea.
Bihar, Migranteen Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko dela probestuko dute, Hendaiako mugan poliziak egiten dituen kontrol zorrotzak, eta gure eskualdean migranteek pairatzen dituzten eskubideen zanpaketa salatzeko. Irungo Harrera Sareko Ion Arangurenek epslikatu digunez, Harrera Sarea ere bertan izango da.
Macron Miarritzera dator bihar, eta mobilizazioak deituak dira. Anartean, migranteen eskubideen aldeko gaurko elgarretaratzea arratsaldeko 19:00retan izango da, Santiago Zubian.
Dena dela, Harrera Sareko bolondresen haserrea, erabatekoa da. Martindozenea gastelekuan azken egunetan hainbat migrante kale gorrian utzi dituelako Gurutze Gorriak. Joan den abenduaren 13an, goizeko 3retan hiru lagun kalean geratu ziren, goizeko ordu txikietan iritsitako 11 migranteen artean, 10 urteko haur bat zegoelarik ere, euren identifikazioa argitzeko poliziara joateko konpromisoa izenpetuarazi nahi zielako Gurutze Gorriak. Baita etorkinek ulertzen ez duten paper eta hizkuntza batean izenpetu ere, eta abokaturik gabe.
Abenduaren 15ean, berriz ere, antzeko egoera eman da. Eta papera izenpetzeko prest ez zirelarik, Martindozenean aterpe hartzea ukatu egin die Gurutze Gorriak bost emakumeei, haien artean, haurdun zegoen bati.
Azken aldi honetan, burokrazia zorroztu egin dutela salatu du Harrera Sareak. Eta Estrasburgon emandako atentatuaren ondotik, berriz ere, Pausu eta Santiagoko mugetan, polizia frantsesak VigiPirate kontrol polizialak areagotu egin dituztela.
Muga zeharkatu nahian biltzen dira egunero Irunen, batezbestean, 60 eta 80 lagun. Aldiz, Irungo Herriko Etxeak emandako datuen arabera, 40 inguru baino ez dira aterpetxeetan lo egiten egunotan. Amaia Oca, Harrera Sareko kideak argi du, aldiz, datu ofizialek ez dutela errealitatea irudikatzen.
Bien bitartean, Harrera Sareak salatu du ere, erakunde publikoek ez dutela kaleko lanik egiten. Eta bolondresak direla goiz eta arrats Irungo karriketan migranteak bilatu, eta erakunde publikoek eskaintzen dituzten aterpe eta zerbitzuen berri eman eta bertara eramateko lanak egiten dituzten bakarrak.