Irungo Harrera Sareak manifestazioa deitu du urtarrilaren 26rako

Antxeta Irratia 2018ko abe. 11a, 00:00

Udaleko Gizarte Zerbitzuek urriaren 29tik abenduaren 9ra artean, Ospitale Zaharreko Hotzaren Kontrako Dispositiboan, orain Zubia izeneko zentroan, zein Martindozenea aterpetxeko trantsitoan diren migranteen erabiltzaile kopuruen datuak plazaratu berri ditu.

Horren arabera, 1.411 migrantek baliatu dituzte hauek, 356 Ospitale Zaharrekoa, eta 1.055 Martindozeneakoa, gogoan hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak kudeatutako azken honetan, migranteek 5 eguneko epe-muga dutela erabiltzeko.

Udalaren datuen arabera, irudi luke, azaroaren bigarren hamabostaldian migranteen kopurua Irunen apaldu egin zela. Eta abenduko lehen 9 egunetan Martindozenea aterpetxeko 60 oheetatik, batez bestean 30 bat okupatuak mantendu badira ere, Hotzaren Kontrako Dispositiboan migrante batek ere ez du lo egin.

Irungo Harrera Sareak, aldiz, argi du ez dela migranterik ez dagoelako, kalean edo Harrera Sareak bilatutako gune pribatuetan ari baitira lo egiten. Kontua da, bertan sartzeko, Zerbitzu Sozialen bolantea eskuratzeko dituzten zailtasunak dituztela . Kale Gorrian bizi diren pertsonak dira baliabide hau erabiltzen ari direnak, migranteak kanpoan geratzen diren bitartean.

Bien bitartean, Harrera Sareak, Udala eta Gurutze Gorriarekin astero egiten duen bilkuran informazioa lehen eskutik jaso ahal izatea eskertzen badu ere. Informazio eta harrera gunea kalean, San Juan plazan eskaintzen segitzen duela oroitarazten du. Bai eta, gizonezkoen S eta M tamainako galtzak, eskularruak eta smartphone telefonoen beharretan direla ere, trantsitoan diren migranteei laguntzeko.