Ostegunean eztabaidatuko da 2019ko Hondarribiko udal aurrekontua

Antxeta Irratia 2018ko aza. 28a, 00:00

Hondarribiko Udal Gobernu Taldeak 21,6 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo. Biharko udalbatzan «akordatuko» dutela iragarri du Txomin Sagarzazu alkateak. Aurrekontuak « orekatuak » eta « jasangarriak » direla nabarmendu du, Udalak zorrik ez duelako, eta joan den urteko aurrekontuekin alderatuta %4,86 emendatuko direlako, bosgarren urtez udal tasa eta zergak izoztuta mantenduta ere. 2013az geroztik, KPIa edo bizitza %7,2 garestitu den bitartean.

Partida nagusiak baino, 2019 urtean Udal Gobernuak aurrekontu hauei esker gauzatu nahi dituen proiektuen ardatz nagusiak azaldu ditu alkateak. Txomin Sagarzazuren arabera, Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoa, Damarrin babestutako etxebizitzak egiteko proiektuan aurreratzeaz gain, mugikortasun alorrean minibusa martxan jartzeko 252.000 euroko partida ere aurreikusia da, eta hirigintzari dagokionean Mendelu dituzte lehentasunetan.

Hortaz gain, hirigune historikoa birgatizeko plana idatzi nahi dute, eta besteak beste, Alde Zaharra eta Zezen plaza lotzen dituen oinezkoen San Nikolas zubia osoki aldatu egingo dute heldu den urtean, egitura hunkitua baita.

Juan Mari Altuna Txisun, Ogasuneko udal ordezkariak esplikatu digunez, zenbait inbertsio zehatz eta garrantzitsu ere egingo dituzte, batzuk dagoeneko 2018ko kreditu modifikazioetatik hartutako konprmosioetatik eratorriak.

Legegintzaldi bukaerako aurrekontu hauek, Hondarribiko Udalaren egoera ekonomiko osasuntsuaren adierazle dela nabarmendu dute, urteotan zuhurtziaz jokatu dutelako. Ez du berdin pentsatzen aldiz, oposizioak.

100 emendakin partzial baino gehiago, eta osotasunezko emendakin bakarra

Izan ere, aurrekontu proiektu honek, oposizioko taldeen 100 emendakin partzial baino gehiago, eta osotasunezko emendakin bakarra izango du biharko plenoan. Abotsanitz udal taldeak aurkeztu duena. Udalaren egoera ekonomiko osasuntsu hori da, hain zuzen ere, jeltzaleen kudeaketa zalantzan jartzeko argudio nagusia.

Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramalearen arabera, ez da normala urtetik-urtera Udalak 5 milioi euroko aurrezkiak biltzea, une hontan Udalak 43 milioi euroko altxortegia eta herriak asebehar anitz dituenean.

Legegintzaldi honetan, Udal Gobernuak aurreikusitako inbertsioen %25a baino ez duela gauzatu, eta hau udal departamendu anitzetan agerikoa den proiektuak gauzatzeko langile faltaren ondorio dela dio Abotsanitzek. Aldi berean, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuetara bideratutako 10 eurotik 4, azpikontratutako zerbitzuak izatea deitoratzen dute.