Bidasoko AEKk antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimotx pailazoek «Musua» izeneko euren azken ikusgarria aurkeztuko dute Hondarribian. Hondartza kiroldegian bi pasaldi eskainiko dituzte, eta Hondartzan mila lagun inguru sartzen badira ere, urtero agortu ohi dituzte sarrerak. 8 eurotan dira, eta Irungo AEKko Beñat Alzagak esan digunez, oraindik ere azken sarrerak eskuratzeko parada duzute.
Aste honetan bertan aurkeztu dute, ikusgarri honi lotutako disko-liburua. Izan ere, Leire Bilbaok sortutako olerkietan oinarrituta, 12 kantu eta 8 ipuin biltzen dituen lana da, Joseba Sarrionandia, Maddalen Lujanbio, Igor Elortza edota Xabier Euskitzeren laguntza ere izan dute.
Milaka musuak banatuko dituzte beraz Hondarribian, igande hontan, lan honen aurkezteko. Baina aurretik beraiekin mintzatu gara, ikusgarriaren funtsa zertan datzan jakiteko.
Hala beraz, gure pailazo kuttunak Hondarribian izango ditugu igandean, 16:00etan eta 18:30etan, eta gogoratu, txartelak 8 eurotan dituzuela salgai, Irungo AEK euskaltegian, eta Hondarribiko Arma Plazan.