Hondarribiko udalak 118 etxebizitza babestu eraikitzeko hitzarmena izenpetu

Antxeta Irratia 2018ko aza. 14a, 00:00

Hondarribiko Udalak jakitera eman duenez, Presa 1 eta Presa 2 orubeetan 118 etxebizitza babestu eraikitzeko hitzarmena izenpetu berri du Eusko Jaurlaritzako VISESA sozietatearekin.

Joan den udan iragarri zuten bezala, promozioa bi arlotan garatuko da, baina guztien %63a alokairu sozialera bideratuko da. Herritarrek hori galdegiten dutela ikusirik, Udalak lurra eskaintzeaz gain, 864.000 euro ordainduko dizkio VISESAri alokairura bideratuko diren etxeen eraikuntza ekonomikoki bideragarria izan dadin.

Etxebizitzak eskuratu ahal izateko, Hondarribian gutxienez urtebetez erroldatuta izan beharko da etenik gabe, edo azken 10 urtetan 5 urtez etenak eginez. Bestalde, promozio honetan, 3.530 metro karratu aparkaleku eraikiko dira Presa 1 orubearen lurrazpian. Aparkalekuak Udalari entregatuko zaizkio, eta aztertzekoa dute oraindik, zein kudeaketa eredu izango duen.