Irunen azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten 1.030 herritarrek, ahobizi eta belarriprest identifikazio txapak jaso ahal izango dituzte, azaroaren 12tik 22ra Udal Euskaltegian. Lan egunetan goizeko 9:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara, jaso daitezke txapak, eta egun horietan ere, Urdanibia plazako Udal Euskaltegiko idazkaritzan zuzenean aurrez-aurrekoan Euskaraldian izena emateko aukera emango dute. Anartean, une oro, euskaraldia.eus atarian izena eman daiteke ere, bi minututan.
Era berean, azaroaren 17ko eta 18ko asteburuan, Aitzondo euskara elkarteko eta Irungo eragileetako bolondresek, San Juan plazan banatuko dituzte txapak. Irunen, 1.030 lagunek izena eman dute iada. Baina 65.000 biztanleen %40 inguru euskal-hiztuna ala euskara ulertzen duena izanik, eta ekimena 16 urtetik gorakoei zuzenduta dagoela kontuan hartuta, 16.000 lagun inguru dira deituak parte hartzera.
Unai Oiartzun, Irungo Euskaraldiaren eramaileak esplikatu digunez, halere, helburu xumeagoak markatu dituzte. Bestalde, izena eman duten 1.030 lagunen artean, aldiz, %80a ahobizi gisa parte hartzeko konpromisioa hartu du. Unai Oiartzun desoreka horri buruz mintzatu zaigu.
Euskaraldiaren eramileek oroitarazi nahi izan dute, ahobizi eta belarriprest rolak ez direla hiztunaren euskara maila edo gaitasunari lotuak, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, lehen hitza beti euskaraz emateko ala soilik euskaraz entzun eta kasuan kasu, nahi bezala erantzuteko konpromisoan baizik.
Edonola ere, ahobizi eta belarriprest roletan sakontzeko formakuntza saioak antolatu dituzte azaroaren 7an eta 10ean Palmera-Montero gunean. Azaroaren 7an 18:30etan, eta azaroaren 10ekoa, larunbatarekin, goizeko 10:30ean.