Euskal Herriko mendi eta basoetako pinudien %80a onddo batek jota dago

Antxeta Irratia 2018ko urr. 30a, 00:00

Bidasoaldeko Lagunak elkarte ekologistak ohartarazi duenez, gure eskualdeko Aiako Harria Natur Parkean eta Jaizkibel mendian ere ematen den egoera da.

Garai batean Euskal Herriko basoetan zegoen gabezia estaltzeko, pinuak landatu ziren. Kanpoko espezie bat izanik ere, hazkunde azkarrekoa zelako basoberritze eta egur hustiakuntzarako etekin handiak ematen zituelako ere hartu zen erabakia. Hala, 1950. hamarkadaz geroztik zabaldu den espeziea da gure mendi eta basoetan. Baina ez da bertako zuhaitz espezieak bezain ongi egokitzen klimara, eta azken urteetan, onddoak jota dago pinu hau, pinudien %80a hunkitua dagoelarik.

Administrazioak kezkatuak daude pinudien egoerarekin. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, basoen kudeaketa politikan aldaketak iragarri zituen joan den astean, bertako zuhaitz espezieekin basoberritze lanak egingo dituela iragarriz, hariztiak, pagadiak, urkiak eta bestelakoak…

Ekologisten arabera, aukera historikoa izan daiteke hau, pinudiak bertako espezieengatik ordezkatzeko. Basogintza politika jasangarri baten alde egiteko, alegia. Izan ere, azken 50 urteetan Euskal Herriko basoetan zeuden harizti, pagadi eta baso mixtoen 723.000 hektareetako %75a desagertu baita. Eta horrek lurraren garapen eta kalitatean, eta ondorioz, ekosisteman berean, eragin zuzena du.

Basogintza berbideratzeko, eta gure mendi ta basoak babesteko, ekologistek 6 puntuko ibilbide bat proposatu dute, izan erakunde publikoek, izan  lurren jabego pribatuek aintzat hartu beharko lituzketenak. Plangintza baten osatzeko, elkarrizketa ezinbestekoa dela diote ekologistek, baina momentuz, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin ez dute hitzegiteko aukerarik izan. Ekologistek salatu dute, agintariek ez dutela ikuspegi kontserbazionista, egungo basogintza-politikak pinua perpetuatzeko helburua baizik ez duelako.