Hondarribiko udalbatzan, Abotsanitz udal taldeak enegarren aldiz aurkeztu duen Genero Indarkeria eta Sexu Erasoak Ekiditeko Udal Protokoloa garatzea eskatzen duen mozioa ezeztatua izan zen. Oposizio talde guztien babesa ukan arren, EAJko hamar zinegotziek atzera bota zuten, joan den urtean ere, ezeztatzeko argudiatutako arrazoi berberak argudiatuta. Alkateak Abotsanitzek egindako lan handia eskertu eta aitortu badu ere, agiria beste dokumentu batzuekin kontrastatu beharko liratekeela adierazi baitu. Eta gaia aholkularitza teknikoarekin jorratuko dela hitz eman du.
Joan den urtean ere, mozioa atzera botatzeko arrazoi berak eman zituen Udal Gobernuak, eta Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramaleak esan digunez, urtea pasa da, eta ez da deus aurreratu.
Gogoan hartu beharra dago, Abotsanitzek 2016ko Udal Aurrekontuak eztabaidatzeko udalbatzan, iada herri mailako genero indarkeria ekiditeko protokolo baten garatzea proposatu zuela. Eta urteotan, hainbat izan direla saiakerak. Duragaldeko eta Tolosaldeko protokoloetan oinarrituta ere, 2017an indarkeria matxista eta sexu erasoen kasuetarako protokolo propioa landu zuen udal taldeak, gainerako talde politiko eta eragile sozialei ekarpenak egiteko aukera eman zielarik ere.
Baina urteak iragan, eta protokolorik gabe segituko du Hondarribiak momentuz, urtero 10 eta 20 indarkeria kasu artean jasaten direla jakinik.
Anartean, joan den larunbatean Biteri kalearen inguruetan izandako eraso matxistaren aurrean, kontzentrazioa deitu dute gaur 18:30etan San Pedro kalean, Correoseko plazatxoan.
Udalak gaitzespen adierazpen ofiziala plazaratu du, gizon-emakumeen arteko errespetuzko bizikidetza urratu duela salatuz, eta tankera horretako eraso guztiak Hondarribian lekurik ez dutela nabarmenduz.
Hala, Genero Indarkeria eta Sexu Erasoen Kontrako Protokolorik ez du adostu ahal izan udalbatzak atzo, baina kontzentrazioan alderdi politiko guztiak izango dira. Gipuzkoako EAJ-PNV alderdiko Batzar Nagusietako ordezkariak ere bertaratuko direla iragarri dute.