Ez da onartu EH Bilduren irailak 8ko mozioa

Antxeta Irratia 2018ko urr. 26a, 00:00

Joan den irailaren 8an Jaizkibel konpainia parekideak Hondarribiko Kale Nagusian jasandako jazarpena gaitzesteko, mozio bat aurkeztu zuen atzo EH Bilduk Hondarribiko udalbatzan. Alardearen egunean gertatutakoa "eraso bortitz bat" izan zela dio testuak: plastiko beltzen atzean jarri zirenak Jaizkibelen desfilea modu antolatu batean "eragozten" saiatu zirela, txilibituak eta sirena hotsak erabiliz.

Atzokoa, Hondarribiko jaien aurretik egindako lehendabiziko udal osoko bilkura zen. Eta herrian giroa bero dagoela isladatu zen. EH Bilduk aurkeztutako mozioari kontra-mozio bana aurkeztu baitzuten gainerako taldeek. Eta azkenean, EAJk eta PSEk elkarrekin eraman zuten testua onartu zuten, bi alderdion botoekin: gehiengo absolutua baitute jeltzaleek, EH Bilduk eta PPk aurka bozkatuta, eta Abotsanitz abstenitu egin zelarik.

Udal Gobernu jeltzaleak sozialistekin batera bultzatutako mozio alternatiboak dio, "bizikidetzari kalte egiten dioten irain, istilu eta eraso guztien aurka" daudela, eta "alardea ulertzeko moduak errespetuz hartu beharra" aipatzen dute. Era berean, Hondarribiko Alardeari, "herriko ondasun inmaterialaren adierazpen nabarmena" dela eta "hondarribiarrek emana dioten gizarte zilegitasuna" baduela adierazi dute.

Presio eta tentsio handiarekin emandako udalbatza izan zen atzoko. Izan ere, EH Bilduren mozioa 13.a zen gai ordenean, eta hau aldatu, eta plenoaren hasieran eztabaidatzea erabaki zuen alkateak. Hondarribiko Emakumeak taldeak deialdi masiboa egina baitzuen udal areto nagusira hurbildu eta presio emateko, halako moziorik onartu ez zedin. 80 lagun inguru bildu ziren, eta tentsio uneka eman baziren ere, Txomin Sagarzazu alkateak isiltasuna eskatu behar izan zuelako, EH Bilduko hautetsia mintzatu zenean publikoan zeudenek barrez moztu ziotelako, ez zen aparteko liskarrik eman.

Erlazionatuak