Larrunkoop epizeria biologikoaren proiektuaren aurkeztuko dute Urruñan

Antxeta Irratia 2018ko urr. 12a, 00:00

HendaiaKoop, Labore Txingudi, Bidazi eta baratze kooperatiba anitzen ondotik, 2019. urte hastapenerako, Urruñak ere ukanen du, beste molde jasangarriago batez kontsumitzeko aukera. Joan den apirilean hainbat herritarrek abiatutako desmartxari esker kontsumitzaileen kooperatiba berriak egunero behar ditugun produktuak inguruko ekoizpen biologikoetatik bermatuko duen epizeria berria izango da honakoa. Eta hor ditu proiektuak zailtasunak eta indarrak aldi berean. Biologikoan ari diren tokiko ekoizleak behar dituztelako atxeman hornitzaile.

Azken asteetan astelehenero biltzen dira 20:00retan Urruñako posta gelan. Ostirala hontan, aldiz, LarrunKoop abiatze gaualdia ospatuko dute. Arratsaldeko 18:00retan etorkizuneko epizeria ekologikoa, sozial eta solidarioa aurkeztuko dute Urruñako ITsas Mendi gelan. Eta proiektua aurkeztu ondotik, “Park Slope Food Coop” filma proiektatuko dute. Ostiralekoan, proiektuaren berri eman eta kooperatibista gehiago biltzeko xede dute.

LarrunKoopeko partaide izateko 100 euroko ekarpena egin behar da lehenik, eta hilabetean 3 lan ordu komunitarioan emateko konpromisoa eskatzen dute.