Lau egun iragan dira Irungo EAJ alderdiak Jose Antonio Santano alkatearen dimisioa exijitu zuenetik. Eta momentuz, ez du erantzunik jaso. Eta gaurkoan ere, ez duela jasoko dirudi. Izan ere, alkateak ostegunero eman ohi duen Udal Gobernuaren erabakien berri emateko prensa agerraldia bertan behera utzi dute azken momentuan. Beraz, alkateak ez du publikoki bederen, azalpenik emango gaurko egunean.
Bien bitartean, oposizio alternatiboa osatzen duten Irun Ahal Dugu, EAJ eta EH Bilduk, apirilaz geroztik zertara bideratuko diren argitu gabe dauden kreditu modifikazioetatik eratorritako 3 milioi euroetarako, proposamen bat adostu dute. Si Se Puede Irun Ahal Duguk ohar baten bidez salatu duenez, sei hilabetez bahitua ukan du diru hori Udal Gobernu sozialistak, oposizioarekin adosteko eta elkarrizketarako gaitasun eza erakutsiz.
Hala eta guztiz ere, oposizioak adostu dituen proposamenak %50 batean sozialistek aurkeztutako zirriborroarekin bat egiten duela ohartarazi dute. Gainerakoan, Si Se Puede Irun Ahal Duguk egindako lau proposamen nabarmendu ditu bere oharrean, CBA Kultur Gunean oraindik osatzeke dagoen Gaztegunea, eguneko 24 orduetan arreta-zerbitzua emango lukeen Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua martxan jartzea, Lucas de Berroa kalean dagoen garai bateko erromesen eraikina, sozial arloko erabilera publikoetarako egokitzea, eta Energiaren Zerbitzu berdea abian jartzea. Azken hau, EH Bilduk ere urte luzeetan aldarrikatutako gaia izanik.