Hondarribian, « Mary Shellyren Frankestein 200 Urte Zatiak Josten » izenburupeko hiru hilabeteko zikloa antolatu du Zuloaga Etxeko Liburutegiak. Joan den urtean, behin berrituta ateak zabaldu zituenetik, metro karratu gehiago ez ezik, langile taldea ere handitu du Udal Liburutegiak. Eta eskaintza berritze horretan, irakurzaletasuna sustatzea ez ezik, liburutegian gauza gehiago gertatzen ahal direla erakutsi nahi dute.
Kasu honetan, zientzia fikzioaren aintzindaria izan zen Frankestein eleberriak 200 urte betetzen dituela probestu dute, Mary Shelly bere egilea omentzeko.
Egitaraua urritik abendura bitarte izango da, lau zutabe nagusietan banatuta, film emanaldiak, solasaldiak, haurrentzako zientzia eta jolas tailerrak, eta Kunshtall Arte Eskolako ikasleen eta Hondarribiko komertzioen arteko lankidetzatik, erakuslehioen apaintzeko ekintza. Noski, zikloaren erdigunea, liburutegian bertan dagoeneko ikusgai duzuten erakusketa izanik.
Baina goi-mailakoa izango da ere urriaren 11tik azaroaren 8ra proposatzen dituzten solasaldiak ere. Mary Shellyren figura azalerazteko Frankestein eta Emakumea izango da aurrenekoa, Danele Sarriugarte idazle eta feministarekin. Frankestein eta Zientziaz mintzatzeko Ana Zubillaga genetista eta Mentxu Aiertza kimikalaria ekarriko dute, eta Juan Carlos Alonso psikologoa eta Iñigo Errasti Frankestein euskarara itzuli zuena gonbidatuko dituzte, monstruoek sortzen duten liluraz mintzatzeko.