Balazta bizikletaren aldeko elkarteak ez du Hondarribiko mugikortasun jaian parte hartuko

Antxeta Irratia 2018ko ira. 20a, 00:00

Mugikortasunaren Europako Astearen baitan, heldu den igandean Hondarribian ospatuko den Mugikortasun Jaia hankamotz geratuko dela dirudi. Balazta bizikletaren aldeko elkarteak ez baitu bertan parte hartuko. Mugikortasun gaietan, eta bereziki, bidegorri sarearen hobekuntza lanetan Udala motelegi doala pentsatzen dutelako hartu dute erabakia.

Bien bitartean, Hondarribiko bidegorri sarea osatzeko bi ardatz nagusi daudela oroitarazi dute. Bat, aldundiaren esku dagoen Hondarribia eta Irun lotuko dituen Amutaldeko oztopoa gaindituko duena. Eta bestetik, Eskola Bidean giltzarri izango den herri-barnekoa. Azken honetan Udalaren eskumena izanik, eta urratsak eman badira ere, ez da aski egiten bizikletaren aldekoen arabera.

Bien bitartean, gaur Mugikortasun Mahaia bilduko da herrian, udal ordezkari eta Balazta bezalako eragileez gain, herritar orori luzatu die Udalak parte hartzeko deia. Urtebetean egiten duten hirugarren bilkura da, eta oraindik ez dute batzorde horren funtzionamendua %100ean arautu. Kalixa Silanes zinegotziak esplikatu digunez, gaurko bilkura horretara bideratuko dute, baita mini-busaren proiektua argitzeko ere.