Gaur bukatzen da irungo aurrekontu partehartzaileetan proposamenak egiteko aukera

Antxeta Irratia 2018ko ira. 19a, 00:00

Irungo hiria hobetzeko herritarrek dituzten proposamenak egiteko azken aukera dute gaur Irunen. Udal Aurrekontu Partehartzaileen lehen fasea gaur amaitzen baita. Luis Mariano Zentro Sozialean 19:00retan egingo da gaur, Udalak antolatutako aurrez-aurreko bigarren eta azken saioa.

Gazteentzako partida barne, orotara 1,5 milioi euro bideratuko ditu Udalak, herritarrek lehen fase honetan proposatu eta fase finalera bideratuko diren 20 proposamenen artean. Aurrekontua agortu arte, proiektu bozkatuenak diruztatuko dituelarik.

Aurrez-aurreko saio hauetaz gain, Udalak aurten kaleko informazio guneetan eta internet bidezko aukeran indar bat egin du, herritarren partehartzea sustatu nahian. Eta Saioa Gartzia prozesuaren eramaileak esplikatu digunez, arrakasta izan dute. 

Lehen zazpi proposamenei, beste zazpi gehituko zaizkio gaurko Luis Mariano Zentro Sozialeko saioan. Eta internet bidez beste sei gehiago. Eta urriaren 9 eta 15 artean, internet bidez bozkatu ahal izango dute herritarrek proiektu irabazleak erabakitzeko.

Edozein kasuetan, gaur duzute azken aukera proposamenak egiteko. Bitan pentsatu, errepikakorra ez izateko. Prozesuaren eramaileak esplikatzen digunez, normalean, proposamen guztiak ildo berekoak izaten baitira.