12.000 metro karratu Kalamuaren baitan

Antxeta Irratia 2018ko ira. 13a, 00:00

Datorren ostiralean emango diote hasiera kalamuaren inguruko Expogrow azoka erraldoiari. Milaka lagun bilduko dira Ficoban aurten ere, hiru egunez, 12.000 metro karratuko eremuan, horietatik 7.000  kanpokaldean  egokitu duten karpa erraldoi batekin.

Renovatio Fundazioko Joseba del Vallek esplikatu digunez, bertan mundu osoko 181 enpresek postua izango dute, kalamua ekoizteko tresna, hazi, ongarri eta bestelakoetatik hasita, zein aplikazio terapeutikoa duten produktuekin.

Eta musikak ere bere tartea izango du azokan. Ostiralerako, DJ saioak, El Canijo de Jerez edota Deluxe taldeen kontzertuak antolatu dituzte. Larunbatean berriz, Bombino edo Demi Portion igoko dira oholtza gainera, bertaratutakoen gozamenerako.

Egun bateko sarrerak 15 euroan eskura daitezke; bi egunekoak 23 euroan eta hiru egunekoak 25 euroan. Igandean soilik sartzeko asmoa dutenek berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Informazio gehiago, www.expogrow.net webgunean.