Elkarrizketarako eta bizikidetza hobetzeko deia egin dute Hondarribiko ordezkari politikoek

Antxeta Irratia 2018ko ira. 12a, 00:00

Joan den larunbatean, Hondarribiko Alarde Egunaren jarraipena egiten ari zela, Antxeta Irratiko kazetari batek jasandako erasoa gogor salatu dute azken orduetan, Euskal Kazetarien Elkargoak ez ezik, Espainiako Kazetarien Federazioak ere. Alarde Tradizionaleko jarraitzaile batek Antxeta Irratiko kazetariaren lan-tresna den telefonoa kendu eta lurrera jaurti zuen, tentsio uneak sortuz, Jaizkibel konpainia Kale Nagusia igotzen ari zela. 

Ez zen erasotutako kazetari bakarra izan, Berria, EITB edota Diario Vascoko kazetariak ere bultzatu zituzten, eta euren lana oztopatua ikusi zuten.

Egoera hone aurrean, Espainiako Kazetarien Federazioak zein Euskal Kazetarien Elkargoak ere, oroitarazi dute adierazpen askatasunaren kontrako eraso hauek gaitzestearekin batera, agintariei ere oroitarazi diete, kazetaritza dela edozein gizarte demokratikok behar duen zerbitzu publikoa, eta erasotua izan den lankidea ehunka ertzaintza agente zeuden gunean jasan zuela agresioa. 

Mezan ere tentsioa

Baina irailaren 8tik haratago doa alardearen gatazka herrian. Atzo, Arrantzale Egunean, Hondarribiko 1638ko 69 eguneko setioan hildakoen omenezko mezan, Vitoriano Etxabe parrokoari oldartu egin baizitzaion emakume bat, alardearen afera konpondu beharra dela esateagatik.

Jai eta egun beltzatua

Hondarribiko herriak, atzerapauso larria eman duela, denek pentsatzen dute Hondarribian. Alderdi poltikoetatik ere, balorazio ezkorra egiten dute. Aurrenekoa Berea plazaratzen Abotsanitz izan da. Atzo bildu ziren hausnartzeko, eta Ortzi Alonsok esplikatu digunez, egunotan ez ezik, bereziki, urte guztian zehar landu behar den aterabidea bilatu beharra dagoela uste dute. Agintari eta eragile guztien ardura izanik.

"Tentsioa areagotzea Hondarribiarentzat ez da komeni", Txomin Sagarzazu

Aterabide bilatu behar zaiolakoan dago Txomin Sagarzazu alkatea ere. Aitortu digu, ez dela erosoa eta gaitzesten duela larunbatean gertatutakoa. Baina konponbidea baino, bizikidetza bilatu beharra dagoela dio, hitzeginez, eta denek ahalegin bat eginez.

"Eraso horiek ezin dira onartu" Lore Erriondo

Bukatzeko, aipatu EH Bilduk ere Gorrotoari Stop lelopean oharra plzaratu duela. Lore Erriondok argi utzi digu, EH Bilduk Hondarribian lanean hasi zenetik ari dela konponbiderako bideak ireki nahian. Eta arazoa larria izanik, Udalak ardura eta zeregina baduela.