Oposizio kritikoa osatzen duten EAJ, EH Bildu eta Irun Ahal Dugu udal taldeek salatu dute, ohar baten bidez, Euskaraldiarekiko “interes falta” dagoela Udalaren partetik.
Hiriko euskararen erabilerari bultzada emateko asmoz, Irungo hainbat euskaltzalek Aitzondo Euskara Taldea osatu zuten joan den apirilean, talde motor gisa, eta azaroaren 23tik abenduaren bigarrenera luzatuko dute hamaika egunez euskaraz egiteko dinamika eta erronka.
Baina Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanak ez dira behar bezain eraginkorrak, eta oposizioko hiru udal talde politiko nagusiek 15.000 euroko kontratu txiki bat bideratzeko eskaera egin diote alkateari, ekimenaren garapen egokia bermatzeko. Jakinik, beste 15.000 euroko partida bideratzea erabaki zuela Udalak aldez aurretik.
Era berean, Euskaraldiarekiko Euskara arloko ordezkariak duen “interes falta eta nagikeria” nabarmendu nahi izan dute. Joan den uztailaren 11ean eskaera erregistratu zutela gogoratu dute, baina eskaera hori baztertua izan dela salatu dute. Haien ustetan, Udal gobernuak duen jarrera “guztiz onartezina” da.