Santanoren aurkako zentsura mozioa balioetsi du EH Bilduk

Antxeta Irratia 2018ko uzt. 26a, 00:00

Irungo EH Bilduk, Jose Antonio Santano eta alderdi sozialista Irun gobernatzeari uztea, ezinbestekotzat jo du gaur, Irungo Udal erakunde eta sozietate publikoen kudeaketan, kalitate demokratikoa bermatu nahi bada. 

Izan ere, joan den maiatzean, EH Bilduk sozietate publikoen osaketaren inguruko planteamendu berri bat egin zuen, FICOBA, Blaia hilerria, IRUNVI etxebizitza publikoaren elkartea edota Bidasoa Txingudi garapen agentzia bezalako erakundeetako kontseiluetan, hau da erabaki guneetan, gaur egungo Udal Osoko Bilkuraren indar politikoen tamainako ordezkaritza ukan dezaten. Izan ere, Irungo PSEk agintzen du horietan guztietan, Udal Osoko Bilkurako 25 hautetsietatik 10 baino ez dituenean. 

Gauzak honela, eta Udal erakunde eta sozietate publikoetan, Udalaren eguneroko kudeaketan bezala, blokeo edo paralisi egoera bat ematen ari dela ikusita, alderdi sozialistaren gobernua agintetik kanporatzeko zentsura mozio baten aukerak ikusten ditu EH Bilduk. 

Joan den astean, iada, SPI Podemos Ahal Duguko David Sotok argi utzi zuen, hori dela haien helburuetako bat legegintzaldia bukatu baino lehen. Eta Xabier Iridoy jeltzaleari galdetuta ere, aukerak aztertzeko prest agertu da.