Udal teknikariek uko egin diote ikerketa batzordean parte hartzeari

Antxeta Irratia 2018ko uzt. 25a, 00:00

Korrokoitzeko aferaren ikerketa batzordearen beste sesio bat burutu zen atzo. Udaleko teknikarien testigantza ezagutzeko txanda izan behar zuen atzokoa, baina udal teknikariek uko egin diote Korrokoitzeko afera eta Xabier Iridoyren kargugabetzea aztertzen duen batzordean parte hartzeari. Ikerketa batzordearen izaera politikoa argudiatu dute teknikariek. 

Komisioko partaideak, aldiz, ordu eta laurdenez batu ziren, proposamen berriak, egutegi berria eta gertatutakoa baloratzen. Sozialistek berariazko galderak idatziz egiteko eskaera egin dute, Xabier Iridoyk agerpena burutu ostean batzordeari igorritako informazioaz galdetu ahal izateko. Beste alderdiek proposamena babestu zuten, ikerketaren helburua batzordean bertan erantzutea dela, gogorarazita. Erabaki berri honen ondorioz, Si Se Puede Irun eta EH Bilduk galdera sorta zabala helaraziko dutela, adierazi dute.

Egutegia ere beste eztabaidagaietako bat izan zen. Ikerketa batzordearen sesioetako edukia bermatzeko, Korrokoitzeko ekimen pribatuko teknikarien, zinegotzien eta irungo alkatearen partehartzeak, irailaren 3an burutuko dira. Ondorioak eta azken ebazpenak zehaztuko dituen sesioa irailaren 18an burutuko da.

Batzorde ostean, Sozialistek oharra helarazi dute eta bertan EH Bildu, SPI eta PNVren jarrera “antzerkitzat” jo dute eta gidoia idatzia eta azken ondorioak zehaztuak daudela, adierazi dute.