Aitzol Arroyo: "153 egunez egon zen DGSko kalabozoetan, bertan mugikortasuna galdu zuen, oheari lotuta egoten zen gau eta egun"

Antxeta Irratia 2018ko eka. 19a, 00:00

Jesus Carrera Olaskoaga buruzagi komunista hondarribiarraren gorpuzkiak exhumatu dituzte.  Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi zena 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresko hilerriko hormaren kontra, eta bertan hobiratu zuten. Azken bost hilabetetan jasan zituen torturen ondorioz, gurpildun aulkian ibiltzen zen Carrera.

Exhumazioa 2008. urtean abiaturiko lanaren ondorioa da. Kote Guevara hondarribiko liburuzainak, urte bete itxaron ostean, Madrilgo Artxibo Militarrean Carrera Olascoagari buruzko informazioa bilatu zuen eta Joserra Enparanek http://jesuscarrera.blogspot.com-blogean informazioa batu zuen. Aitzol Arroyo historialariak Jesus Carrera Olaskoagaren ikerketa jarraitu du, gorpuzkiak exhumatu arte.

Argi, Maria eta Xabi Carrera, Jesusen ilobek, bertatik bertara jarraitu zituzten osabaren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak. “Arantza bat kendu dugu, familian oso aspalditik gordeta geneukan arantza bat”, adierazi du Xabik. Gorpuzkiak Arantzadi Zientzia Elkartearen esku daude eta azken azterketak burututa, Hondarribiko hilerrian hobiratuko dituztela erantsi zuen Xabi Carrerak, “Carrera Olaskoaga familiaren panteoian, lau anai-arrebekin batera, eta bosgarrenaren ondoan. Egun horretan itxiko dugu zirkulua”, erantsi zuen.

Exhumazio eta ikerketa prozesuaren berri eman digu Aitzol Arroyo historialariak.