Betti Gottik 10. urtez ospatuko du herri bazkaria, aurten ekainaren 23an. Eta oztopo guztien gainetik, aldaketa txikiekin eta urtemuga ospatzeko Gozategiren dantzaldiarekin ospatuko dute aurtengoa. Herri bazkarirako txartelak 18 eurotan salduko dituzte, ekainaren 1ean 18:00etatik 20:00etara San Juan plazan, eta ekainaren 2an goizez 11:00etatik 13:00era. 18 eta 24 urte artekoentzat txartel kopuru bat erreserbatua dago, eta gainerakoak 24tik gorakoentzat.
Edozein kasuetan, aipatu ditugun oztopo guztien gainetik aurrera segituko badu ere Kuadrilen Eguneko herri bazkaria. Betti Gottik herritar guztiei kabida emango liokeen eguna antolatu nahi zuen aurten, eta horretarako Udalari egindako proposamenetan, berriz ere, oztopoak topatu dituztela salatu dute.
Bien bitartean, eta azken urteetan mantendu izan duten aldarrikapenaren haritik, herri bazkaria hiri erdira ekartzeko helburuari irmo eusten segitzen diotela nabarmendu dute.
Gainerakoan oroitarazi dute, herri bazkaria antolatzeak 80.000 euroko aurrekontua suposatzen duela. Eta Udaletik jasotzen duten 8.000 euroko dirulaguntza eta sustengua eskertzen dutelarik ere, errespetua exijitu diote Udalari, Betti Gottik sortu eta antolatzen duen ekintzan, esku har ez dezala eskatuz.