Baionan, maiatzaren 4ko Seaskak deituriko mobilizazioei begira jarrita. Seaskaren eta, euskara murgiltze sistemaren etorkizuna arrisku gorrian ezarri du Frantziako Hezkunde ministerioak, irakasle postu gehiago emango ez dituela jakinarazi duelarik.
Seaska federazioan 3.500 bat ikasle dira une hontan, eta geroz eta gehiago dira urtetik-urtera. Heldu den iraileko sartzean 250 ikasle gehiago aurreikusten ditu Seaska federazioak, eta horrenbestez, 25 irakasle gehiago beharko lituzketelarik, murrizketa hauek ikasgeletako ratioak nabarmen emendatzeaz gain, zenbait kasuetan, ezin antolatua ere ekarriko du.
Hendaiako Gure Ikastolaren kasuan, adibidez, egoera zaila izango dutela esplikatu digu ikastolako lehendakaria, Iñigo Urkiak.
Gauzak honela, ostirala honetan, Baionan danborrada erraldoi bat egitea erabaki dute 17:00etatik aitzina. 3.500 ikasleak, irakasleak eta gurasoak deituak dira mobilizazio azkar horretara joateko. Eta hori kontuan hartuta, klaseak ere egokitu egin dituzte ostiral hontarako Hendaiako ikastolan.
Baionako mobilizazioan, danborrada aldarrikatzaile hortan, ikastola bakotsak bere lekua ukanen du. Hendaiakoren kasuan, t-shirt gorriarekin joanen dira.