2017ko aurrekontuen likidaziotik gastatu gabeko 5 milio eurotik gora inbertsioetara bideratzea proposatuko du Udal Gobernuak. Partida handiena, 1,1 milioi euroren truke Puntaleko Molla Ibilbidean arraun elkarteak erabiltzen duen Iridoy familiaren pabilioi edo eraikina erosteko izango da, 700.000 euro asfaltatze kanpaina orokor bat egiteko, eta 500.000 eurotik gorako beste bi partida ere, Saindua gaztelekua berritzeko, eta Iturri-Berriko biribilgunea konpontzeko. Oposiziotik alderdi sozialista izan da bakarra proposamen alternatiboak egiten edo iragartzen.
Abotsanitzek, aldiz, proposamenak baino galdera bat luzatuko dio Txomin Sagarzazu alkateari gaur udalbatzan. Antxeta Irratiaren galderari erantzunez, aste honetan alkateak argitu baitu 43 miloi euro dituela Udalak altxortegian gastatu gabekoak.
Eta aurten, bistan dena, 5 milioi eurotik gora soberakin izan dira. Zentzu honetan, Abotsanitzek aurreko udal aurrekontuen plenoan iada, hau gertatuko zela iragarri zuela nabarmendu du Igor Enparanek.
Eta azken hiru urteetan aurreikusi eta gastatu ez diren 18 milioi euro horiek, gehienbat, batetik inbertsioetan, urtero aurreikusitakoaren laurden edota gehienez jota heren bat baino ez delako gauzatzen, eta bestetik, langilego taldean, pertsonala eskaxa delako, baina urtero personal gastuetan gastatzen dena baino milioi euro bat gehiago aurreikusten baita urtero, gero gastatzen ez dena.
Gauzak honela, diru pilaketaren atzetik, oraindik jakinarazi ez den arrazoiren bat baldin badago esan dezala galdegin dio alkateari Igor Enparanek. Izan ere, ez da legegintzaldi hontako dinamika, atzetik datorrena baizik.