Udalaren altxortegiaren egoeraren argazki bat egin dute alkate eta alkateorde, Txomin Sagarzazu eta Juan Mari Altuna Txisunek goiz hontan. Batetik aurrekontuen egonkortasun eta jasangarritasun irizpideak bete egin dituela, Espainiako Estatutik agintzen den bezala. Eta bestetik, 2017ko aurrekontuaren likidazioa egin denean, abenduaren 31ko kontuen egoeraren argazki bat dela. Baina 2018an edota 2019an egin edo ordainduko diren proiektu anitz badirela, 2017ko aurrekontuko diruarekin. Eta beraz, ez dela beti guztiz erreala. Aurrekontu eta inbertsioen exekuzio edo gauzatze maila apala ulertzeko, adibideak ere jarri ditu alkateak.
Dena dela, Hondarribiko Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela nabarmendu dute. Hainbeste, non gaur egun eta aipatutako 2017ko likidazioaren soberakinak barne, 43 milioi euroko altxortegia duen. Horri esker, Udalak egin beharreko inbertsio eta gauzatu beharreko etorkizuneko proiektuak inorri deus maileguan eskatu gabe burutzeko egoeran aurkitzen den.
Behin hau esanda, aipatutako 2017ko soberakinak hainbat inbertsioetara bideratuko dituzte. Hori eramango da bozkatzera osteguneko udalbatzan: 700.000 euro asfaltatze kanpaina orokor bat egiteko, 305.000 euro bidegorri sarea berritu eta hobetzeko, 245.000 euro Goiko-Errota berritzeko edota inbertsio handiena, Puntaleko Molla Ibilbidean arraun elkarteak erabiltzen duen pabilioi edo eraikina erosteko, 1,1, milioi euro. Gaur egun, Udalak hartzen baitu bere gain lokalaren alokairua.
Bestalde, kreditu modifikazio honen inbertsiorik handienen artean, ere 500.000 eurotik gorakoak dira, Saindua gaztelekua berritzeko eta Iturri-Berriko biribilgunea konpontzeko. Zentzu honetan, Udal Gobernuak oraindik zintzilik duen proiekturik garrantzitsuenetakoa da Soroetagainen, Donostia kaleko lurrazpiko aparkalekua. Baina alkateak iragarri duenez, hau gauzatzeko dirua egon arren, oraindik beste aukera batzuk argitu beharko dituzte.
Osteguneko udalbatzari begira, eta kreditu modifikazioa begiz jota du alderdi sozialistak Hondarribian. Hainbeste, non kasik 3,5 milioi euroko proposamenak aurkeztuko dituela, Iosu Alvarezen arabera, Udalak gaur egun duen alde sozialaren gabeziak estaltzeko.