Irungo herri galdeketa babesteko kanpaina 3.000 sinaduren langa gainditzera doa

Antxeta Irratia 2018ko api. 19a, 00:00

Azaroaren 18ko Irungo herri galdeketaren prestaketa prozesuan, lehen urratsa borobiltzera doa Hartu Hitza elkartea. 3.000 sinadura biltzeko azken epea apirilaren 29a izango delarik, une hontan 2.645 jaso dituzte iada. Datozen egunetan, aldiz, azken esku kolpea emango diote. Larunbatean Irungo hamaika auzotan (Behobia, Artia, San Miguel, Anaka, Landetxa, Lapitze-Pio XII, Larreaundi, Santiago eta Urdanibia zein Zabaltza plazetan) izango dira, eta heldu den astean zehar ere hainbat aukera izango dira Opila Eguna eta Bidasoa-Irunek Artalekun jokatuko duen partidan, besteak beste. 

Baina sinadura kopurura ailegatzea ez da begiz jota duten erronka bakarra. Azaroaren 18ko herri kontsultarako galdera zehazteko proposamenak egiteko aukera eman nahi diete herritarrei, internet bidez hartuhitzairun@gmail.com helbidera idatziaz, eta larunbata hontako sinadura mahaietan ere hautetsontzi bat ezarriko dute eskuz egin ahal izateko. Galdera zehatzak edota bermatu beharko lituzkeen ezinbesteko irizpideak proposa daitezke. Apirilaren 28an bilera irekia antolatu dutela hau lantzeko.