Erleak desagertuz gero, gizakiak ez luke deus jatekorik izango hiruzpalau urteren buruan.

Antxeta Irratia 2018ko api. 18a, 00:00

Erlea da gure natura eta baratze zein frutondoetako loreen polinizazioaren arduradunak, kasuen %80an. Eta adituen arabera, erleak desagertuz gero, gizakiak ez luke deus jatekorik izango hiruzpalau urteren buruan.

Zentzu honetan, eta udaberri hasieran gaudela, neguan gordeta egon ohi den liztor asiatikoaren presentzia berriz ere emendatzen hasia da. Ongi dakite hori, Bidasoko Erlezainen Elkartean. Azken urteetan neurria hartu ezinik dabiltza, liztor asiatikoari tranpak jartzen.

Elkarteko arduraduna da, Ola sagardotegiko nagusia, Iñaki Bengoetxea. Bere kasuan, eztia ekoitzi bai, baina sagarrondoen polinizazioa bermatzeko baliatzen du bertako erle beltza. Eta liztor asiatikoa, arazo larri bat dela ohartarazten du.

Urtero bezala, baserritar eta erlezain anitz dira liztor asiatikoari neurria hartzeko, tranpak han hemenka jartzen dituztenak. Baina erakunde publikoei indar bat egiteko galdegiten diete. Liztor asiatikoa gure baso eta mendietan ere hedatua baitago.

Gure eskualdean, 28 erlezain dira eta 4.000 kilo ezti ekoizten dute urtero. Erlezain askoren helburua, polinizazioa bermatzea bada ere. Bestalde, erleak akatzen dituzten pestiziden arazoaz ere ohartarazi du Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak.