Antzezmotz, Urretxun burutzen den antzezlan laburren lehiaketan Irungo Txiflando antzerki tailerraren “Fiñistterre” antzezlanak lehen saria eskuratu du. Txiflandoko kidea den Amaia Rodriguezek dioen bezala, mota hauetako lehiaketak “oso garraintzitsuak dira egiten dugun lana aurkezteko aukera ematen digutelako”. Euskarazko antzezlanak epaiaren eta publikoaren erabateko onarpena lortu du.
Txiflando antzerki tailerra Anakan biltzen da. Bertan sortu zen “Fiñixtterre” antzezlan txapelduna. Legaleon T talde mitikoaren lokalean ikusi eta ikasi egiten dute Rakel Salinasek, Amaia Rodriguezek eta Beatriz Aranak, Txiflandoko partaideek. Antzezaletasun amorratuak eta erraietako antzezteko grinak batu zituen hirurak Legaleon Tko ikastaro batean, duela lau urte. Ezkeroztik antzerkiko urak blai daude.
S.O.S.Temible izan zen Txiflandok plazaratu zuen lehenengo antzezlana. Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura zentzugabe eta txikitzaileak bultzatzen dutenei kritika zorrotza, sarkastiko eta umoretsua egiten zieten aktoresek sketch expresionista eta istrionikoen bitartez. Modernitatearen argi hutsalen isladek hiritarrengan eragiten duten lilura gure jendartea itsutzeraino, gordinki kritikatzen zuen S.O.S.Temiblek.
“Fiñixtterre” mugimenduari lehentasuna ematen dion antzerki fisikoa da. Espazioaren etengabeko bilaketan irudi poetikoak osatzen dituzte aktoresek, estetika oso landuaren bitartez. Hitzak margotzen ditu ikuskizun metaforiko honek. “Fiñixtterre”ko hiru emakumek ixtorio zaharrari amaiera emango diote bizitza berri bat hasteko. Lurraren bukaera, Fiñixtterre, itsasoaren hasiera ere bada. “Itsasropenan” murgilduko dira hiruak, berezko mugimenduaren bila. Patriarkatuak marrazten duen lerro zuzenatik ibiltzea ez dute inoiz atsegin izan. Nahiago dute seaska itxura duen olatuaren mugimendu kulunkaria. Emakumeen gatza izkutua itsasoaren kresalarekin batzerakoan ikusgarria ezezik distiratsua ere izatera iritsiko da. Izerdiaren kirats itsaskorrak historia astinduko du.
Patriarkatuari oda satirikoa da “Fiñistterre”, bere sortzaileen hitzetan. Beatriz Aranak idatzi ditu testoaren oinarria diren bi olerki. Beatriz Cornagok gorputz irudiak esleitu dizkie hitzei, eta lana zuzendu eta gorpuztu egin du. Espe Lopezek urrezko laguntza eskaini die aktoresei bere iradokizun erabakiorrekin. Eta Marianorik gabe ez lukete izango ez argirik ezta musikarik ere.
Irun eta Hondarribian Fiñixtterre antzezteko irrikitan daude Txiflandoko kideak. Beraz, gonbidapenak eskertuko dituzte tailer kideek.