Mugikortasun mahaia berriz batzea eskatu du Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2018ko api. 17a, 00:00

Txirrin Txirrin Bidegorria Egin kanpainarekin hasi zenetik, azken bi  urteetan Abotsanitz herri batzarrak Hondarribian abiatutako herriko mugikortasuna jorratzeko dinamika, azkartu eta ardura hartu dute Hondarribiko hainbat eragilek. Eta joan den ekainaren 28an mozio bidez aurkeztu zuten Mugikortasun Mahaiaren eraketa eskaera udalbatzan.

Hau onartu egin zelarik, Udal Gobernuak abenduan deitu zuen lehen bilera. Baina orduz geroztik, Mugikortasun Mahaia ez da berriz bildu. Eta Abotsanitze kezka agertu du, herriko garraio publikoa, trafikoa, aparkalekuak, bidegorriak edota irisgarritasuna lantzeko batzorde horrek iraunkorra eta maiztasunez bildu beharra duelakoan sinetsita.

Joan den abenduko lehendabiziko Mugikortasun Mahai hartan, udal ordezkariekin batera, Balazta bizikletaren aldeko elkarteaz gain, hainbat izan ziren parte hartu zuten eragileak. Eta zentzu horretan, Mugikortasun Mahaia eratu ondotik, martxa hartu ezean, inplikatutako eragileak deslotzeko arriskuaz ohartarazi du Abotsanitzek.

Lehendabiziko bileran hartutako konpromisoen artean, mahaiaren funtzionamendua bera zehaztea izan zen. Haien artean, Abotsanitzek hiru hilabetean behin biltzea proposatu zuen, eta mugikortasun gaiaren araberako lan talde ezberdinak antolatzeko aukera ere, izan bidegorriak, izan garraio publiko edo aparkaleku eta irisgarritasuna.