Telmo Iridoy hondarribiarraren "Unibertsoa nere eskuetan" erakusketa ikusgai egongo da Martindozenean maiatzaren 19a bitartean

Antxeta Irratia 2018ko api. 12a, 00:00

GazteArtean Expo programaren erakusketa ziklo berri bati esker, eskualdeko hiru sortzaile gazteen lanak ezagutaraziko dituzte datozen hilabeteetan. Telmo Iridoyren ondotik, Andrea Scargot irundarra eta Miriam Bloidi hondarribiarrak izango dute euren lanak Martindozenean Gaztelekuan aurkezteko aukera. 

Telmo Iridoy Amunarriz disenaitzaile grafiko eta artista hondarribiarra Galizia eta Euskal Herriaren artean bizi da, eta eskualdean dagoela probestu du Irungo Udalak, Gazte Artean Expo programaren erakusketa xorta berria berekin irekitzeko. Apirilak 12 honetan estreinatuko dute "Unibertsoa nere eskuetan" izeneko erakusketa, eta maiatzaren 19a bitartean bisita daiteke Martindozenea Gaztelekuan, asteartetik larunbatera arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 21:00etara.

Xilografia teknika baliatuz (linoleoan eskulpitutako negatiboa tindatuz egindako ilustrazioak) unibertsoa eta espazioaren kontzeptuak lotzen dituen bederatzi obra aurkeztu ditu. Denak 2016ko azaroa eta 2017ko apirila artean egindako lanak dira. Iridoyk esplikatu digunez, gustokoa duen tematika da, eta "espazioa bistan dugun zerbait bada ere, beti urrun dagoen zerbait denez", obra honekin bere begiekin ikusi ez, baina imaginatu eta interpretatu dituen irudiak landu nahi izan ditu bederatzi obren bitartez errelatu bat eraikiz. 

Aurreko edizioetan bezala, “Unibertsoa Nere Eskuetan” erakusketarekin batera, Telmo Iridoyk tailer bat emango du ere. Apirilaren 19an izango da 17:30etik 19:30era, eta zortzi lagunentzako lekua dago dohainik. Izena emateko gaztelekuan bertan egin daiteke.